XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Herriko Langileen Elkartea desegitea erabaki du biltzarrak

Bost urteren buruan, finkatutako helburuak ez dituztela lortu diote

1989ko Maiatzaren Lehenaren ondotik, EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea muntatu zuen Iparraldean abertzale talde batek, langile edo langabeen antolatzeko asmoarekin.

Saioak porrot egin du eta egitura desagertaraztea erabaki zuten azken biltzar nagusian.

Duela zenbait hilabete, ohartuz egitura ez zela ongi ibilki, aldizkaria ez zutela gehiago agertzen, egindakoaren bilana egin zuen EHLE taldeak.

Benetako multxoño bat biltzen ginen azken denbora honetan adierazi dio EGUNKARIAri Irene Itursarri EHLEko ordezkariak.

Zerbait erabaki behar zutelako, ezohizko biltzar nagusia antolatu zuen taldeak joan den larunbatean, arazo sozialaz arrangura duten abertzale guztiak gomitatuz.

Egindako bilkuran Itursarrik zioenez ez zaigu iduritu EHLE zen bezala segitzea balio zuenik, eta egitura desegitea erabaki zuten.

Hala ere esperientzia ona izan dela adierazi zuen, lan bat egina izan baita eta dena ez baita galdua.

Geroari buruz espero zuela ezker abertzaleak berriz bere eskuetan hartuko duela proiektua deklaratu zuen.

Beharrezkotzat jo zuen abertzaleek borroka berezia eraman dezaten lanaren arloan, Euskal Herri independente eta ezkertiarra egin nahi badugu Itursarrik zioenez.

Halaber, baliteke hasieratik gure proiektua ez aski garbi izatea, azaldu zuen, azpimarratuz funtsezko helburua zela langileen antolakuntzarako bidea edo eremua prestatzea.

Hasieratik, batzuk baztertu ziren, sindikatua muntatu nahi zutelako gehitu zuen, EHLEren ustez beste lan frango zenean sindikatua muntatu aitzin.

Nahiz eta elkartasun adibide franko baden Iparraldean, bere ustez taldea ez da ibili nahi zuten bezala, bizpahiru arrazoirengatik.

Krisi orokorraz gain, Euskal Herrian lantegi txikiak direla eta, ez da erraz elkartzea edo nagusiari buru egitea, EHLEko ordezkariak adierazi duenez.

Bestalde, sindikalismoaren krisia orokorra kontuan hartu behar zela gehitu zuen, egoera horretan ez zitekeen EHLEren sortzeko garai hoberena.

Abertzaleei dagokienez, frantses sindikatuetan inplikatu diren batzuek nahiago izan zuten sindikatu horretan geratu, ez baitute interesgarri ikusten beste zerbaiten muntatzea.

Bestalde, bere ustez gaurregun abertzaleek lehentasuna ematen dute borroka nazionalean borroka soziala bigarren mailan gelditzen denean.

Lau urtez EHLEk lan asko egin zuela azpimarratu du Irene Itursarrik, Maiatzaren Leheneko ekitaldiak antolatuz, aldizkaria plazaratuz, beste sindikatuekin biltzarrak muntatuz, erdi barneko formazio eginez, besteak beste.

EHLEren ekintza nagusietako bat izan da SAI inprimategiko bi langileren defentsa hartzea auzitegian; kasu horretan manifestaldia ere antolatu zuen Arbonan.

Bestalde, 1989ko Maiatzaren Leheneko kolektiboaren ondotik sortu zen EHLE taldeak bi urtez Euskaldun Gazteriarekin zeraman lana, sasoilegilei buruzko informazioa banatzeko eta biltzar publikoak antolatuz.